XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

b) XI, XII eta XIII mendeak

XI, XII, XIII mendeetara zuzentzen bagara, Dubyk aipaturiko dokumentuen zerizana edo etorkia alde batera utzita hemen, aurrerapen etengabeko eta orokor bat ikusten omen da nekazal ekonomian.

Laborantzaren onaldi eta aurrerabide honek XIV mendearen erditsura arteko iraupena izango zuen, zeinak, beste alde batetik, ingurugiroaren erabileran aldaketak erakarri bait zituen.

Dakusagun nola erabilera honek ukiberritzen duen paisaia edo ikuskaria.

Alderdi haziaren hedadurari gatxezkiolarik, toponimoak eta testuek adiera ematen diguten legez, frango dira X mendeaz geroztik baso eta mendiari alorrerako lurren harrapatze ideian oinarritzen diren izenak.

Hau da, nekazariek laborasail gehiago hazten zituzten garai honetan lehengoan baino.

Beraz, aldi honetako gorakada laboreei loturik desarroilatu zen, luberri haien hazkuntzak Erdi Aroko parajeen itxurarekin elkartuz.

Herri inguruetako basoan kenduriko soro berriei, gain gainetik, doazkie sasoi honi dagozkion datuak, eta, gainerantzean, gaur eguneraino heldu zaigunari beha, basoak atzera eta alorrak aurrera jo dutela esan daiteke, mugimendu honetako bultzada handiena XII mendean izanik.

Bestalde, nekazariek kinka berri honetarako eman zuten lehendabiziko pausoa, seguruasko, zegoenekoz bazeuzkaten lurren luzapena izango bide zen.

Honez gain, kontutan hartu behar dugu, baita ere, Erdi Aro Garaian bi lurralde moeta zirela: bata, ongi jendeztatua; eta bestea, murrizki populatua.

Honexek, sostaituriko egoera berria zela eta, batetik besterako higimendua ekarri zuen, zeinak ez bait zen ezarkuntza sakabanatua eratu, baizik eta, utzitako herrietan bezalako bizimoldeari zegokion banaketa eta zatiketa espaziala berretu, (...).